Itziarko Entitate Txikiko auzotarren postontzietan utzi digun idatzia:
"Herritarrok:
Joan den ekainaren 17an
udalbatzaren gehiengoak onartutako Itziarko Entitate Txikiaren eraketarekin
ados zaudeten jakiteko, Debako Udalak datorren azaroaren 30ean egingo duen
galdeketan parte hartzeko deitu zaituzte. Dakizuenez gero, gu ez gaude ados
tokiko erakunde horrek izango duen lurralde banaketarekin, %92,5a (48 km2)
biztanleen %20arentzat eta populazioaren %80ri lurraldearen %7,5a (3,9 km2)
lagatzen digute eta. Horregatik beste proposamen bat egin dugu, herritar
guztiontzako egokiagoa eta orekatuagoa dena.
Foru-Arauak auzotarren iritzia ezagutzea
eskatzen du eta GORADEBA taldean prozesu hori kontsulta bidez egitea positiboa
dela uste dugu. Hala ere, astakeria eta akats politiko larria iruditzen zaigu,
boto-txartelak uzteko hautesontzi bakarra jartzea. Gai honek auzo bakoitzeko
herritarren iritzia ezagutzeko nahikoa garrantzia du eta horretarako
ezinbestekoa da auzo bakoitzean hautesontzi bat jartzea.
Auzo bakoitzeko bizilagunen
iritzia ezagutu ez dadin, udal-gehiengoak erakutsi duen burugogorkeria ez dugu
ulertzen, auzoren batean nahi ez duten emaitza aterako den beldur ez badira
behintzat. Kontua da, zuzendu ezean, zalantza ebatzi gabe geldituko dela eta
etorkizunean gatazkak sortu ditzakeela.
Gure iritziz, Debako auzoen egoera
ez da Itziarren menpe egonda hobetuko, bertan dago udalak proposatutako tokiko
erakundearen populazioaren ia %50a. Orain arte, Debaren baitan egonda ez da hain
gaizki joan. Egia da, egin den guztia hobetu daitekeela eta hobetu beharko
litzatekeela, baina horretarako ez da beharrezkoa herritarren arteko liskarrak
mantentzea. Izan ere, udalaren proposamenak ez ditu arazoak konponduko.
Tokiko Erakunde Txikia eratzeko
prozesua hasi izana ezin da gure ustetan justifikatu, Debako Udalak Itziar eta
beste auzoetako herritarrei zerbitzu eskasa eman dien susmoarekin. Eta are
gutxiago, Itziarrerako udalerriko diru-sarreretan duen pisu espezifikoari
dagokiona baino baliabide gutxiago zuzendu direla esanez. Besterik gabe, ez
baita egia. Zuek, auzoetan bizi zaretenok inork baino hobeto dakizue hori.
Hain zuzen, datuak setatiak dira
oso, eta udal-aurrekontuek, gutxienez 1983tik eta Debemenek zuzenean edo
Izarraitz Biziriken bitartez gauzatutako proiektuek egiaztatzen duten moduan,
Debako kaskora zuzendutako errekurtsoekin gonbaratuz ez da egia auzoetara
errekurtso gutxi zuzendu izana. Horrela, 1983-1987 legealdian, Deban 328.103.079 pezetatako inbertsioak egin
ziren bitartean, Itziarren eta landa-eremuan, 227.716.385 pezeta inbertitu ziren. 1987tik 1992ra, kopuru hori nabarmen
igo zen. Zehaztu dezakegu: 44
km. landa-bide (220
milioi pezeta baino gehiago), azpiegitura lanak (97,8 milioi pezeta), ur hornikuntza (garai haietan landa eremuko
ur eramateak sare orokorrera konektatuta zituen udalerri bakarrenetakoa zen
Deba), nekazaletxeak, landa-elektrifikazioa, telefonoak….etab. Geroago egin
ziren Lasturko elizako birgaitze lanak, ludoteka eta elkartea, estalitako
pilotalekua, bola-tokia eta aterpetxea, Elorriagako elkartea, Itziarko botika
eta osasun zentroa, eta gainera bertan eraiki zen ere udalerriko lehen
pilotaleku estalia....
Beraz, arrazoi ekonomikorik ez
badago, agerikoa da, Tokiko Erakundearen eraketa sostenga dezakeen arrazoi
bakarra, udal berri bat eratzeko auzitegien arbuiatzearen ondoren, Itziarko
auzotarrak adierazi duten autogobernu borondatea kanalizatzeko eta
administrazioa herritarrei hurbiltzeko printzipioa eta Itziar eta udalerriko
herritar guztiei zerbitzuak hobetzeko erantzunik egokiena eta eraginkorrena
dela. Horretarako Debako biztanle guztien bizikidetasun adeitsua hondatuko ez
duen adostasun zabala ezinbestekoa dela sinetsita gaude, eta hori ez da posibe
izango udalak onartutako proposamenarekin. Benetan uste dugu, GORADEBA
TALDEAren proposamena, Itziar eta Itxaspe jasotzen duen Tokiko Erakunde Txikia,
herritar guztion behar eta desioetara askoz hobeto egokitzen dela.
Dena dela, erabakia zuena da.
Nahiko genuke erabaki hori askatasunez eta ausardiaz hartzea, inoren presiorik
gabe, udaleko gehiengoaren proposamena eta GORADEBA taldearena objektiboki
baloratuz. Aztertu itzazue biak, gonbaratu eta gero aukeratu zuen ustez auzo guztietako eta gure udaleko herritar
guztien interesei hobeto erantzuten diena. Horrela eginez gero, seguru
gaude kontsulta egunean, egungo udalaren proposamenari EZ bozka emango duzula, herritar guztien behar eta desioetara
hobeto egokitzen den beste entitate bat eratzeko aukera zabalduz. Oraingo
proposamenean auzoentzako zalantza ugari eta atzera martxarik ez duten erabaki
okerrik ez hartzeko argitu beharko liratezkeen erantzunik gabeko galdera asko
daude. Zuen esku dago.
Jakin ezazue prozesu guztian zehar udalaren eta alkatearen
jarrera benetan kaskarra izan dela. Legeak
hautsiz nahiz Foru Araua jarraitu beharrean lege espainiarrak jarraituz. Guri, ez
digu jaramonik egin, nahiz eta gure proposamena 1.213 sinadurarekin babestua
egon. Kontsulta honetan ere zuengana zuzentzeko ez digu inongo erraztasunik
eman. Alkateari zuzendu genion gutuna eta bere erantzuna eransten dizkizuegu
ezagutu eta baloratu dezazuen. Ezer gutxi gehiago gehitu dezakegu.
GORADEBA TALDEA"